Amurriok, Guillermo Trujillano Agirre herriko artistak egindako iturria instalatu du Juan Urrutia parkean

6 Ekaina 2019

Amurrioko Juan Urrutia parkeak, harriz eta brontzez egindako sagar itxurako beste iturri bat dauka joan den astetik. Egileak, Guillermo Trujillano Agirre amurrioarrak, Amurrioko Udalari oparitu zion artelana, Debako Arte Eskolan ikasten ari zela.

Artistak iturria egiteko izan zuen inspirazioa, Oteizak bultzatutako arte eskolan ikasten ari zen bitartean egin behar izan zuen ariketa batetik sortu zen. Amaitu ondoren, eta Bartzelonan Arte Eder ikasketak hasi aurretik, Udalari oparitzea erabaki zuen.

Amurriora itzultzean, Udalarekin koordinatuta, joan den astean iturria Juan Urrutia parkean instalatzea erabaki zen. Iturriaren oinarria harriz dago eginda, eta sagarraren hostoa eta buztana brontzez. Guztira 300 kilo ditu.