Bizikletaren Museoa El Refor eraikineko modulu zentraleko beheko solairura lekualdatu da

11 Urria 2017

Esparru horrek ikusgaitasuna ematen dio Amurrioko ziklismoaren historiari

Bizikletaren Museoa El Refor eraikineko modulu zentraleko beheko solairura lekualdatu da. Bertan bizikleta zahar ugari eta askotariko material interesgarriak biltzen dira, Amurrioko eta inguru hurbileneko ziklismoaren historiaren isla direnak. Halaber, erakusgai dauden argazkien artean, tokiko eta eskualdeko profesionalenak ere ikus daitezke; Jose Mari Basualdo, Jon Unzaga, Izaskun Bengoa, Óscar López Uriarte, Iñaki Isasi, César Solaún, Álvaro Fdez. Arberas, Ziortza Jauregi, Rubén Palacios, Axier Albizua eta Maya Escolar ziklistenak, adibidez. Gainera, Amurrioko ziklismoaren promesa berriei ikusgaitasuna emateko materiala ere eraman nahi da museora.

Bestalde, atal berezi bat eman zaio Licor Karpy talde profesionalari, bai eta Amurrioko Txirrindulari Elkarteko taldeen eta eskolaren ibilbide luze eta biziari ere. Horrez gain, aipamen berezia egiten zaio elkartearen sortzaile Daniel Albizuari; izan ere, hark eragin zien lehendabizi pedalei 1970. urtean kirol-talde hau martxan jartzeko.