OTSAILAREN 3AN PAZIENTE AKTIBOEN IKASTAROA HASIKO DA GAIXOTASUN KRONIKOA DUTEN PERTSONENTZAT

19 Urtarrila 2015

Astearteetan izango da, 10:00etatik 12:00etara, zazpi astetan zehar. Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuko bi monitorek emango dute ikastaroa. Gaixotasun kronikoa duten pertsonei zein gaixo horien zaintzaileei dago zuzenduta. Ez da ikastaro pasiboa, aktiboki parte hartzen baita bertan. Ohiturak aldatzeari buruz hitz egingo da: gaixotasunak ikuspuntu fisikotik ez ezik, alderdi guztietatik nola eragiten dien ere nabarmenduko da: arlo emozionala, soziala… Izena emateko, 945025972 telefono-zenbakira deitu behar da astelehenetik ostegunera, 13:00etatik 15:00etara.

Osakidetzak abiarazitako paziente aktiboa programaren xedea da gaixotasun kronikoa dutenek euren bizi-ohiturak ezagutu eta aldatu ahal izatea, euren osasuna hobetze aldera. Hainbat saiotan beharrezko tresnak jasotzen dituzte, beste paziente batzuekin batera. Hona hemen programaren helburuak: pazienteak gaixotasuna eurena dela ulertarazten saiatzea, hau da, euren erantzukizuna dela eta bere buruari "zer egin dezaket?", "zer dago nire esku nire osasuna hobetzeko?” eta halako galderak egitea, bai eta osasun arloko langileak bere ondoan daudela eta lagunduko dietela ulertaraztea ere, baina gaixoek eurek hartu behar dietela aurre. Horixe da “aktiboak” izatea.

Paziente aktiboak 2009az geroztik dago martxan, eta inguruari zein beharrizanei egokituz joan da. Aberastasun nagusietako bat da gaixotasun ezberdinak dituzten pertsonak nahasten direla. Hala, gaixo bakarrak ez direla eta bestelako patologiak dituzten pertsonen antzeko arazoak dituztela egiaztatzen dute. Geroari eta ohiturak aldatzeari beldur izatea ohikoa da. Programa honek “Erizaintza garapen bidean 2014” saria lortu du pazienteen auto-zaintza sustatzeko kategorian. Argitalpen horrek saritu egiten ditu gaixoak euren ingurura egokitzea sustatzen duten proiektuak, ahalik eta bizi-kalitaterik onena lortzeko asmoz.